Ederra izan baitzen larunbateko jardunaldia. Finalerdietako bi partidu jokatu ziren Doneztebeko Bear-Zana plazan eta ikuskizun politaz gozatu genuen. Finalerdietarako sailkatutako lau taldeek erakutsi zuten sailkatze horren arrazoia.
Doneztebe “The Moment” taldea dugu lehen finalista, azken hiru urtetan txapelduna izan den Irurita “Miguelene” kanporatu ondoren.
Goizekoan, emozio handiko partidu handian, Doneztebe “The Moment” taldea bihurtu zen Finalerako lehen sailkatua. Arratsaldez, emozio gutxiago bainan joku oneko joaneko partiduan, Doneztebe “Avia” taldeak abantaila polita lortu zuen itzulekoari begira, Arraioz “Sagardia”ren aurka (9.3). Bigarren finalista erabakiko duen partidua, datorren igandean jokatuko da Arraioz herriko plazan, 11:00etatik aurrera.
Doneztebe “The Moment” 9 – Irurita “Miguelene” 7
Partidu handia eta emozioz betea bi talde bikain horiek jokatu zutena. Joaneko partiduaren emaitzak (Iruritako txapeldunek 9-8 irabazi zuten) dena airean uzten bazuen, itzuliko partiduaren azken pilotakadara arte hala mantendu zen, airean eta emozioz gainezka.
Gaur egungo txapelduneak aurrez jarri ziren (1-4) bainan doneztebarrek partidua launa berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, joku gehienak borrokatuak, kalitate handia eta emozioa: 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7. Momentu garrantzitsu honetan jarri zen Doneztebe aurretik (8-7) eta azken jokuan, Javi Vértiz kuartoaren bi bolea ederrek gerturatu zuten garaipena eta sailkapena Doneztebe aldera.
Azkenean 9 eta 7 eta Doneztebe “The Moment” lehen finalista, finalerdi bikain eta eder baten ondoren. Bi taldeek egin zituzten meritoak finalean egoteko bainan toki bakarra zegoen.
Doneztebe “Avia” 9 – Arraioz “Sagardia” 3
Finalerdi honen lehen partidua eta emaitza ederra doneztebekoentzat. Bi talde horiek bereziki indartsuak dira beraien herriko plazan eta Aviakoek hala erakutsi zuten joaneko partidu honetan. Javiertxo Almandozek normalean baino gutxiago asmatu zuen pareta txurira ateratzen (Donezteben errestatzeko zaila den sakea) bainan erakutsi zuen bertze sake mora aunitz menperatzen dituela. Bere hiru taldekideek ongi lagunduta, Doneztebeko sakalariak aniztasun handiko sakeen bidez, bere aldera okertu zuen jokua.
Dena den, finalerdia ia erabakita dagoela pentsatzea okerra litzateke. Lehen erran bezala, Arraioz Sagardia talde handia da orokorrean bainan bere plazan beldurgarria bihurtzen da. Azken bi urteotan, aunitzetan lortu dituzte kanporaketa hau berdindu edo gainditzeko behar duten antzeko emaitzak, baita talde garrantzitsuen aurka ere. Beraz, ez dezala inork pentsatu kanporatuta daudenik.
Utzi zure komentarioa