Asteburu honetan jokatu dira laxoa 2020ko kopako final erdiak. Eguraldi ederrarekin batera, partidu ederrez gozatzek aukera ezin hobea izan dugu.
Larunbatean Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardiaren arteko kanporaketa izan genuen. Donezteben, etxekoak gogor hasi ziren markagailua dominatuz. Hala ere, Baztandarrak ez ziren behera etorri eta ikaragarrizko garrantzia zeukan 5 – 4 batekin etorri ziren etxeko partidara. Arraiozen, Doneztebarrak berriz ere oso indartsu hasi ziren, baina azkenean, Arraioz Sagardiak etxean jokatzeak ematen duen abantaila aprobetxatuz 5 eta 3koa jarri zuten markagailuan. Horrela ba, Arraioz Sagardiak joku baten diferentziagatik finalera pasatu zen.
Igandean, aldiz, Doneztebe Zarbonet eta Irurita Migueleneren arteko partidua izan zen. Donezteben, Zarbonet-ekoak oso indartsu hasi ziren. 2 – 0 jarri ziren markagailuan eta hainbat berrogei izan zituzten 3. jokoa egiteko. Baina Iruritakoak gora etorri ziren eta azkenean partida 2 – 5ean geratu zen. Iruritan, Irurita Miguelenekoek ez zuten ezustekorako aukerik utzi eta 5 – 1 gailendu ziren etxean.
Horrela ba, aurtengo finala, iazkoa bezala, baztandarren artekoa izanen. Baina aurtengoa, Arraioz Sagardia eta Irurita Migueleneren artean. Finala, larunbata, abuztuaren 1ean izanen da, arratsaldeko 5etan Arraiozko plazan. Arraioztarrek aukera ezin hobea daukate txapela irabazteko, baina Iruritakoek azken urteetan erakutsi dute zer egiteko kapazak diren. Datu bezala, aipatu Irurita Miguelenek ez duela sekula irabazi Arraioz Sagardiari bere zelaian. Ikusiko dugu Arraioztarrak estadistika hori mantetzea lortzen duten edo Iruritarrek estadistika hori apurtzen duten.
Utzi zure komentarioa