Atzo jokatu zen 2020ko laxoa kopako finala. Finala, iazko txapelduna Irurita Miguelene eta etxean jokatzen zuen Arraioz Sagardiaren artean jokatu zen. Iruritarren aldetik Xabi Barberena sakatzaile bezala, Gorka Urtasun numero bezala, eta Egoitz Prim eta Iñaki Etxandi kuarto bezala jokatu zuten. Arraioztarren aldetik, Mikel Mindegia sakaltzaile bezala, Xabi Mihura numero bezala, eta Jon Gamio eta Miguel Maritorena kuarto bezala jokatu zuten.
Partiduak oso hasiera borrokatua izan zuen. Ia ordu bat kosta zen markagailuan 1 – 2koa jartzea arraioztarren alde. Iruritarrek berdinketa lortzeko aukera galdu zuten, eta hortik aurrera, arraioztarren nagusitasuna etorri zen.
Mikelek mailua atera zuen eta sakeak estrakarat sartzen hasi zen. Gutxinaka markagailuan abantaila hartzen joan ziren. Estrakatik pilota ateratzeko Gorkak egiten zituen ahalegin guztiak Miguel, Jon eta Xabik deuseztuak ziren. Arraiozko hirukotea erne ibili zen bigarren jokaldi guztiak gelditu edo errematatzeko.
Iruritarrek ez zuten amore eman, eta bombitez sakatuz, tanto batzuk egitea lortu zuten. Hala ere, arraioztarrek bere lanean kontzentraturik jarraitu zuten, markagailuan 3 eta 6koa jarriz.
Azkenean, arraioztarrak gora etorri ziren eta ez zuten ezustekorako aukerarik eman, markagailuan bukaerako 3 eta 9a jarriz. Beraz, Arraioz Sagardia izan da aurteko laxoa kopako txapelduna.
Partidua eta gero, sari banaketa izan zen, non arraioztarrek beren txapela jaso zuten. Eskertzekoa partida ikustera agertu zen jendea eta beren jokabidea, arauak errespetatuz eta plazan giro ederra jarriz.
Utzi zure komentarioa