Larunbatean jokatu zen Baztan – Errekako 41. Laxoa txapelketako finala. Finalean Irurita Miguelene eta Arraioz Sagardia izan ziren aurrez aurre, iazko final bera eta plaza berean. Hala ere, aurtengo emaitza ezberdina izan da. Irurita Miguelenek eraman zuen partida eta txapela 9 eta 7ko markagailuarekin.
Euriaren ondorioz, eguna atzerapenarekin hasi zen. Hirugarren posturako partida pixka bat atzeratu behar izan bazen ere, Doneztebe Apeztegia eta Oitzek arazorik gabe jokatu ahal izan zuten partida. Apeztegia taldearen aldetik, Jon Apezteguia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Iban Santestebanek jokatu zuten. Oitzen aldetik, Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Aimar Saldias eta Laurendi Zelaietak. Espero bezala partido ederra ikusteko aukera izan genuen, 2 ordu pasa iraun zuen partidak. Doneztebekoek eraman zuten partida eta hirugarren postua, 9 eta 7ko emaitzarekin.
Eguneko plater nagusian, lehen esan dugun bezala, Irurita Miguelenek eraman zuen partida. Migueleneren taldea Xabier Barberena, Gorka Urtasun, Egoitz Prim eta Jagoba Ramosek osatzen zuten, eta Arraioz Sagardiako taldea Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Migel Maritorena eta Jon Gamiok.
Aurtengoan ere, iazko finala errepikatzen zen eta pentsatzekoa zen joan den urteko emaitza bera errepika zitekeela, Arraiozek etxean jokatzen baitzuen aurtengoan ere. Hala ere, Iruritak, erakutsi zuen ligaxkan aurkari eta plaza berdinean lortutako garaipena ez zela kasualitatea izan, eta finaleko partidan, izerdi ugari aterata, txapela Iruritara eramatea lortu zuten.
Plazara gerturatu ziren ikusleek oso partida polita eta entretenigarria ikusi izan zuten. Eskerrak eman ikusleei ohiko protokoloak betetzeagatik eta giro ezin hobea sortzeagatik partidu guztian zehar.
Ostiralean, Doneztebeko Bear Zana plazan, gazteen txapelketako finala jokatuko da. 16: 00etan hasiko da Iruritarren arteko partida hirugarren posturako lehian, eta 17: 30etan, finala jokatuko da Doneztebe A eta Doneztebe Cren artean.
Bertan itxaroten dizuegu!!
Utzi zure komentarioa