Baztan izan da 2022ko Baztan – Erreka desafioaren irabazlea. Bi aste hauetan zehar Laxoa Elkarteak antolatzen duen urteko lehen jarduera burutu da. Aurten, formatu berri batekin zetorren desafioa, non Baztan eta Errekako taldeek modalitate desberdinetako 6 partida jokatu behar zituzten. Modalitateak laxoa, laxoa motza eta paxaka izan dira; modalitate bakoitzetik 2 partida jokatzen ziren: bat Malerrekan eta beste bat Baztanen.
Gainera, formatu berri honekin, normalean partidarik ikusten ez diren plazetan partidak ikusteko aukera izan dugu. Adibidez, Arizkunen laxoa motzan jokatu zen Lamiarrita plazan, 20 urte baino gehiago laxoan jokatzen ez zen belarrezko plazan. Erratzu eta Legasako frontoietan paxakan jokatu da eta Labaiengo plaza ederrean laxoa motza.
Lehenengo jardunaldia martxoaren 12-13ko asteburuan jokatu zen. Desafioa Oizko plazan jokatu zen laxoa partiduarekin hasi zen eta irabazlea Erreka izan zen 9 – 7ko emaitzarekin. Igandean laxoa motza eta paxaka partidak jokatu ziren. Paxakan emaitza berdina eman zen, baina oraingoan 9 – 7koa baztan aldera erori zen. Laxoa motza partida ere Baztanentzat izan zen, berriz ere 6 – 9ko emaitza estu batekin. Emaitza hau desafioan kontuan hartu beharreko emaitza bihurtuko zen etorkizunean, nahiz eta une hartan inork ez zekien hori.
Bigarren jardunaldia martxoaren 19 eta 20ko asteburu honetan jokatu zen. Oraingoan Irurita, Legasa eta Arizkun izan ziren aukeratutako plazak. Larunbatean Iruritan laxoa jokatu zen eta Baztan izan zen irabazlea. Berriz ere 9 – 7ko emaitza estuarekin. Une horretan jokatutako partidetako markagailuen zenbaketak Baztanen aldeko 7 eta 5eko emaitza adierazten zuen, igandeko azken bi partiden faltan.
Igandeko lehen partida Arizkungo Lamiarrita plazan jokatu zen, lehen esan dugun bezala, duela 20 urte baino gehiago ez zela partida bat ikusten plaza honetan. Gerturatu zirenek partida luze eta entretenigarria ikusteko aukera izan zuten. Partida Donezteberen alde erori zen, 7-9ko emaitza estuarekin. Emaitza honek desafioaren azken zenbaketa Baztanen aldeko 8 eta 7ko batean jartzen zuen, arratsaldean jokatuko zen paxakako azken partidaren faltan.
Arratsaldean, Legasako frontoian jokatu zen azken partida. Berriro ere, partida oso entretenigarri bat ikusi genuen eta azken emaitza 9 eta 7koa izan zen, Errekaren alde. Baztan – Erreka desafioko 6 partidak jokatuta, irabazlea nor zen jakiteko matematikak egiteko unea iritsi zen. Partida guztietako puntuen batuketa eginez, 9nako berdinketan geratu zen erronka. Horregatik, beste estatistika batzuk begiratu behar izan ziren irabazlea nor zen jakiteko. Irabazitako partidekin ere berdintzen zen, hiruna partida garaipen zituzten, beraz, talde bakoitzak irabazitako jokoetara jo behar izan zen. Eta hor Labaienen partidak hartu zuen lehen aipatu dugun garrantzia. Arraroa bada ere, txapelketako partida guztiak 9 eta 7ko emaitzarekin amaitu ziren, Labaienena partida izan ezik, non Baztanen aldekoa izan zen 6 eta 9ko batekin. Partida horrek aldea markatu zuen. Jokoen zenbaketan, Baztanek 48 joko lortu zituen eta Errekak 47. Beraz, Baztan izan da 2022ko Baztan Errekaren arteko erronkaren txapeldun.
Nabarmentzekoa desafioak plaza berrietan izan duen harrera, hala nola Arizkungo Lamiarrita plazan edo Labaiengo plazan, non jende asko bildu zen partida ikustera. Ziur datorren urtean formatua errepikatuko dela. Aipatu baita ere, bazkide kanpaina martxan dugula eta zure laguntza oso garrantzitsua dela guretzat. Bazkide egin nahi baduzu, hemen klik egin eta zure izen eta telefonoa jarriz, zurekin kontaktuan jarriko gara.
Plazan ikusiko gara!
Utzi zure komentarioa