Lau hilabeteko txapelketaren ostean, azkenean iritsi da egunik garrantzitsuena, final eguna. Aurtengoan, urtero bezala, emozio eta kalitatez beteriko txapelketa ikusteko aukera izan dugu, baina iritsi da txapelduna erabakitzeko eguna. Larunbatean, abuztuak 6an, Doneztebeko Bear Zana plazan, final handia eta 3. posturako partidak jokatuko dira.
Goizeko 11etan jokatuko da hirugarren posturako partida. Bertan, Arraioz Sagardia (gorriz) eta Oitzek (urdinez) jokatuko dute. Azken urteetan bi taldeak maiz ikusi ditugu final eguneko partiduetan eta zihur aurtengoan ere partidu politak egiten dutela. Arraioz Sagardia taldean hauek jokatuko dute: Mikel Mindegia (sakalaria), Xabi Mihura (luze), Jon Gamio (motz) Miguel Maritorena (motz). Oitzko taldea Ioritz Zelaieta (sakalaria), Iker Bereau (luze), Ugutz Zelaieta (motz) eta Laurendi Zelaietak (motz) osatzen dute.
Arratsaldeko 5:30ean izanen da partidu handia. Partidu honetako protagonistak Irurita Migelene eta Doneztebe The Moment izanen dira. Doneztebeko plazan jokatu arren, Iruritarrek jokatuko dute gorriz, iaz lortutako txapela defendatzen dute eta. Irurita Migelene taldea hurrengo jokalariek osatuko dute: Xabi Barberena (sakalaria), Gorka Urtasun (numeroa), Egoitz Prim (kuartoa) eta Jagoba Ramos (kuartoa). Doneztebe The Moment taldea Julen San Miguel (sakalaria), Paskual Bertiz (numeroa), Jabier Bertiz (kuartoa) eta Koldo Legarrak (kuartoa) osatzen dute.
Oso interesgarria da partida hau, izan ere, bi talde hauek 2013 urtetik daramatzate txapela partekatzen. 2013. urtetik 8 aldiz izan dira txapeldun Irurita Miguelene (5 aldiz) edo Doneztebe The Moment (3 aldiz). Gainera, bi taldeek badakite zer den besteari final batean irabaztea.
2014. urtean, Doneztebe The Moment taldeak Oitzko plazan irabazi zion Irurita Migeleneri. Baina hurrengo bi urteetan, Iruritarrek mendekua hartu zuten Arraioz eta Iruritako plazetan. Beraz, final hau, laugarren aldia izanen da elkarren aurka jokatzen dutela, eta gainera Doneztebeko plazan, oraindik elkarren aurka finalean jokatu ez duten plaza.
Eskerrak eman ere Mariezkurrena eraikuntzak eta Laboral Kutxari. Beraiek izan dira txapelketa hau antolatzen lagundu digutenak eta beraien laguntza gabe ez genuke txapelketa aurrera eramango.
Larunbatean, abuztuak 6an, Donezatebeko Bear Zana plazan elkar ikusiko gara!
Utzi zure komentarioa