Irailaren 15, 16 eta 17an lehen aldiz ospatuko da “Laxoaren Egunak”. Lehen edizio honetan, hiru egunetan zehar pilota modalitate ezberdinak ikusteko aukera izanen da. Laxoa, paxaka, paxaka eskuz, laxoa motza eta bote luzea.
Irailak 15ean, Iruritako eskola zaharraren azpiko trinketean, eskuz paxakan arituko dira. Laxoa Elkartea eta Bilabonako Behar Zana Pilota Elkartearen artean.
Irailak 16an, paxaka txapelketa txiki bat eginen da Iparraldeko eta Hegoaldeko pilotarien artean. Txapelketa hau Txokotoko Antxitonea trinketean izanen da eta arratsaldeko 7etatik aitzin hasiko da. Final erdietako bi partida jokatuko dira, eta garaileek, finala jokatuko dute ondoren.
Irailak 17a izanen da egun handia. Egun hau osorik Arraiozko Laxoa plazan izanen da. Goizeko 10etan hasita, Bote Luzea eta Laxoa Motza partidak ikusteko aukera izanen da. Iparralde eta Hegoalderen arteko partidak izanen dira. Gainera, goizean zehar pintxoak izanen dira dastatzeko, eta Repi eskularru egilea, bertan izanen da eskularruak nola egiten diren tailer – erakustaldia eskainiz.
Arratsaldeko 15:30etan paxaka partida izanen da eta ondoren, Arraioztarren arteko Laxoa partidua izanen da. Partida bukatzean, Mikel Organbide, Laxoa Elkarteko pilotaria zenari, omenaldia eginen zaio. Eguna afari batekin bukatuko da.
Eskerrak eman Arraiozko Zubiondoa Ostatuari, bere laguntzarik gabe ezin izanen zen egun hau antolatu eta.
Espero dezagun egun ederrak izatea, plazan ikusiko gara!

Utzi zure komentarioa