Iritsi da Nafarroako XLIII. Laxoa Txapelketa aurkezteko momentua. Asteburu honetan, apirilak 15 eta 16an, jokatuko da ligaxkako lehenengo jardunaldia. Oroitarazi, iaz Doneztebe The Moment izan zen txapelketako garailea, Doneztebeko Bear Zana pilotalekuan, aurten, aldiz, Oitz-en izanen da finala.
Aurtengoan, aldaketa ugarirekin gatoz, txapelketari aire “fresko” bat emateko intentzioarekin. Hortaz, formatu berrian 2 aldaketa garrantzitsu daude: Lehenengoa, ligaxkan izanen da. Aspaldiko partez, denak denen aurkako formatua jokatuko da. “Round robin” deituriko formatua, joaneko partidutan, itzuliko partidurik gabe. Bigarrena, kanporaketetan izanen da. Izan ere, aurtengoan urteroko final “handia”-z gain, final “txikia” ere izanen da. Baina… nola izango da formatua?
Lehenengo, ligaxka jokatuko da. 9 Taldek parte hartuko dute aurtengo txapelketan, beraz, 8 jardunaldi jokatu beharko ditu talde bakoitzak. Hortik, lehenengo bi talde sailkatuek, FINAL HANDIKO final erdietako txartela lortuko dute. Ondorengoek, hau da, 3 – 6 postuetan sailkatu diren taldeak, jardunaldi bakarreko final laurdenak jokatuko dituzte: 3 vs 6 eta 4 vs 5. Final laurden hauek, 3. eta 4. sailkatuaren plazan jokatuko dira. Final laurdenetako garaileek, FINAL HANDIAN gelditzen diren beste bi postuak lortuko dute. Beraz, FINAL HANDIKO txapelduna lau talde horien artean erabakiko da.
Bestetik, FINAL TXIKIA IZANGO DA. Eta ze taldek osatuko dute final txiki hori? Final laurdenak galdu dituzten 2 taldeek + ligaxkako 7. eta 8. sailkatuak.
Beraz, txapelketa “ezberdina” izango da aurtengoa. Aipatu bezala, bi final izango dira aurten, baina ez dira egun berdinean izango. FINAL TXIKIA uztailak 29an izanen da, eta FINAL HANDIA, abuztuak 5ean. Bi finalak Oitz-ko plazan izango dira. Hala ere, txapelketako informazio gehiago nahi baduzue, egin klik hemen, eta informazio gehiago aurkituko duzue!
Lehenengo jardunaldiari dagokionez, iazko txapelduna eta Arraioz Sagardiaren arteko partiduarekin hasiko da txapelketa, Arraiozko plazan. Partidu hau larunbatean izanen da. Jardunaldiko beste hiru partiduak, igandean jokatuko dira. Ordutegiak ikusteko egin klik hemen edo eman begirada bat beheko kartelari.
Bukatzeko, aipatu iaz bezala, Mariezkurrena eraikuntzak eta Laboral Kutxari eskerrak eman beharrean gaudela. Aurtengoan ere, laxoa laguntzeko konpromezua erakutsi digute eta oso laguntza garrantzitsua da guretzat, horri esker, txapelketa antolatzeaz gain hainbat proiektu martxan jartzeko aukera ematen dizkigulako.
Plazan ikusiko gara!
Utzi zure komentarioa