Larunbat honetan, arratsaldeko 5:30etan, jokatuko da Oitzko plazan laxoa txapelketako final txikia. Aurtengo txapelketa berezitasun batekin hasi zen, lehenengo aldiz bi final jokatuko dira. Final handia eta final txikia. Lehenengo aldiz jokatzen den final txiki honetan, Irurita Migelene eta Oitz-ek jokatuko dute. Baztango taldea Xabi Barberenak, Iñigo Dendarietak, Egoitz Prim eta Mikel Sagasetak osatzen dute. Malerrekako taldea, aldiz, Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Laurendi Zelaieta eta Zorion Zelaietak osatua da.
Partidu interesgarria izanen da eta seguru oso parekatsua. Oroitarazi behar dugu, ligaxkan Oitz bostgarren sailkatua izan zela eta Irurita Migelene seigarrena, puntu bakarreko diferentziarekin. Finalerako bidean, Oitzko taldeak Arraioz Zubiondori irabazi behar izan zion, Irurita Migelenek, aldiz, Doneztebe Avia taldeari.
Partidua eta gero, bi taldeekin sari banaketa eginen da. Hurrengo astean, abuztuak 5ean, jokatuko da final handia.
Plazan ikusiko gara!

Utzi zure komentarioa