Larunbatean jokatu zen XLIV. Nafarroako Laxoa Txapelketako finala Arraiozko plazan, eta berriz ere, Doneztebe The Moment izan genuen txapeldun. Aurtengo finalean, Maldaerrekako bi taldek jokatzen zuten, Doneztebe The Moment alde batetik, eta Oitz A, bestetik. Doneztebekoak iaz lortutako txapela defendatzen zuten, hortaz, gorriz jokatu zuten partidua. Oitzko taldea, urdinez, sorpresa emateko asmotan joan ziren. Baina partiduan, hasieratik nabarmendu ziren Doneztebekoak, 9-0ko markagailua jarriz.
Beste behin, abuztuko lehen asteburua jendez bete zen laxoa finala ikusteko, aurtengoan, Arraiozko plaza ederrean. Doneztebeko taldeak, 3. aldiz jarraian, txapela bilatzen zuen eta Oitzko taldeak, azken 15 urtetako lehen finalean, sorpresa bilatzen zuen. Partidu hasieratik, The Moment taldeak, aurre hartu zuen markagailuan, eta ez zuen momentu batean ere sorpresarako aukerarik utzi. Julen San Miguel Sakalaria buru, hasieratik bukaerara dominatu zuen partidua eta 9-0eko markagailu batekin, txapela Donezteberat eraman zuten.
Doneztebe The Moment taldea Julen San Miguel, Pascual Vertiz, Javier Vertiz eta Koldo Legarrak osatu zuten. Oitz A taldea Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Laurendi Zelaieta eta Ugutz Zelaietak osatu zuten.
Goizean, hirugarren posturako lehian Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apeztegiak jokatu zuten. Partidu hasieran 6-0 jarri ziren baztandarrak aurretik, baina gero, 6-4 jarri ziren errekakoak. Azkenean, bi ordu t’erdi eta gero, markagailua 9-4 bukatu zen. Sagardia taldea Mikel Mindegia, Abi Bengoetxea, Ion Gamio eta Miguel Maritorenak osatu zuten. Apeztegia taldea Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Iban Santesteban eta Joseba Juanenak.
Laxoa elkarteak Mariezkurrena eraikuntzak eta Laboral kutxari eskerrak eman nahi dizkio, beraien babeslegoa gabe ezin izango zen txapelketa aurrera eraman eta. Baita ere, eskerrak eman, beste behin finala ikustera gerturatu ziren guztioi.
Heldu den asteburuan, Iruritako plazan, haurren finalak izango ditugu. Bertan ikusiko gara!
Utzi zure komentarioa