Arizkungo Bozate auzoan 1713. urtean Juan Tomas Goyenechek Lamiarritako jauregia eraiki zuen. Jauregiak eta bere ondasunek jabetza ugari izan dituzte: Goyeneche, Borda, Irigoyen, Ubillos familiak, gero Reparadores del Sagrado Corazón kongregazioak erosi eta azkenik, Jesuitek. Jauregiarekin batera, ondoan dagoen Laxoan jokatzeko pilota plaza ere egin zen.
Hamarkada anitzetan zehar Lamiarritako plaza honetan sekulako partidak jokatu ziren, batez ere Baztan, Maldaerreka eta Aldudes baileko pilotarien artean. 1913. urteko uholdeak plazan ere izugarriko kalteak eragin zituen, neurriak ere murriztu. Erreboteko paretaren alboan zulo txiki bat ikus daiteke; han partidan erabiltzen ziren pilotak eta freskagarriak gordetzeko. Erreboteko pareta hau garai batean altuagoa zen, baina gibeletik pasatzen den errepideak ikusmen handiagoa izateko, murriztu egin zen.
Laxoa Elkarteak Baztango Udalari plaza konpontzeko proposatu egin zion eta horrela berreskuratu berriz ere Laxoa itzultzeko. 1987ko urrian proiektua idatzi zen, 2.257.685 pezeta aurrekontuarekin.
1990ko irailaren 30an plaza inauguratu egin zen. Egitarauak ekitaldi ugari hartu zituen: Bernardo Sokobehere Arizkungo apezak angelusa errezatu eta gero herriko txistulari eta musikariek eta “Elkartasuna” dantza taldeak saioa eskaini zuten. Lau taldek parte hartu zuten (Arraioz, Doneztebe, Irurita eta Oiz) hiru jardunalditan jokatu zen Laxoa torneoan. Azkenik, arraioztarrek irabazi.
1853. urtean baztandarren eta aldudarren artean jokatutako partidak bertso eder batzuk utzi dizkigu eta batez ere horiei esker historian sartu zaigu Lamiarritako plaza hau. Ikusleen artean, Dolagaray bailarako alkatea (urte batzuk beranduago Elizondo plaza bultzatu zuena) eta Joaquin Gamio apez zigatarra (1846an Irungo desafio handian frantsesen taldean parte hartu zuena). Partida hau biharamunean Elizondoko plazan errepikatu zen. 19 estrofa osatzen dituzten bertso hauek, batzuk M. Etchegaray Aldudeko apezak eta bertze batzuk Johannes Ikhustalek idatzi zituztela diote. Hona hemen lehenbiziko estrofa:
Zer dut bada aditzen
Baztango aldetik?
Mendiek inharrosten
Iduriz errotik!…
Bada oihu, bada kantu,
Bada irhintzina:
Aire guzia dugu
Bertze bat egina!
NEURRIAK
Luzera: 78´50 m.
Zabalera: 18´90 m.
Botarria – erdiko eskasa: 39´25 m.
Erdiko eskasa – erreboteko pareta: 39´25 m.
Tiburcio Arraztoak eskeinitako informazioa