Laxoa Txapelketako XXXIX. edizioak badu txapelduna: Doneztebe The Moment.
Doneztebarrek egindako lehiaketa bikainari amaiera ezin hobea eman zioten atzokoan, Irurita Migueleneren nagusitasunarekin akituz (azkeneko hiru txapelketak irabazi dituen taldea).
Parez- pare Doneztebe Avia izan zuten, bere lehendabiziko finalean. Emaitza kontra izan bazuten ere, momentu onak izan zituen norgehiagokak, eta Oitzeko plaza bete zuen zalegoak disfrutatzeko aukera izan zuen.
Hasieratik nagusi izan ziren irabazleak, 3-0 eta 4-1eko partzialekin. Hor Doneztebe Aviaren unerik hoberena etorri zen, markagailuan lau eta hirukoa jarriz. Baina Doneztebe The Moment ez zen kokildu, bere joko onari eutsi zion eta zuzenean bederatzira joan ziren. Nabarmendu Pascual Bertiz eta Julen San Miguelen partidua. Pilotari ematen dioten abiadura ikaragarria da. Gainera, Javi Bertiz eta Jokin Arraztoa koartoen laguntza bikaina eduki zuten.
Doneztebe Avia bere arerioa baina guttiago izan zen atzokoan, baina aipatzeko da osotu duten txapelketa bikaina.
Goizean jokatutako hirugarren eta laugarren posturako partiduan emozioa ez zen falta izan. Azkenean Irurita Miguelene nagusi izan zen Arraioz Sagardiaren kontra 9-8 irabaziz.
Sari banaketan Dori Lopez eta Josu Juanices egon ziren Nafarroako Gobernua ordezkatuz, Pilotarien Biltzarreko Joxe Artetxe eta Alberto San Miguel Oitzeko herriaren partez. Laxoa Elkarteko Tiburcio Arraztoa aurkezle lanetan.
Goraipatzekoa Oitzeko plazan izandako giro bikaina , Laxoaren urteko egunik nagusienean.