Eraikitze urtea: 1855, prezioa 35.711 erreal eta 50 zentimo.
Plazak fondo zuria zuen eta eremu ireki eta zabal bat osatzen zuen, honek anitz errazten zuen joko luzea baldintza egokietan izatea eta ondorioz, plaza onena bihurtu zen joko luzean aritzeko. Plazako jokalekua lurrezkoa zen eta hautsa ez harrotzeko bi iturri zituen zorua ureztatzeko. Jokalekuko lurraren azpian drainatze berezi bat zuen, horrela ez zen putzurik sortzen eta plaza oso azkar idortzen zen. Erreboteko zoruak eta paretak 90 gradu baino gehiagoko angelua osatzen dute, modu horretan pilotak bertan jotzen badu goratzen da, batez ere pilotaka indartsu batekin.
Zaharberritzea: Plazan egindako zaharberritze garrantzitsuena 1930an egin zen, ezker pareta eraikiz. Zaharberritzearen ondorioz, joko luzearen ohitura errespetatzen zen baino modalitate berriagoak (esku-pilota, erremonteak, palak edo zesta puntak) sortzen zituzten beharrei erantzuna eman zitzaien. Zaharberritze hauek 46.977,34 pezetetako kostua izan zuten eta arkitektoa Serapio Esparza San Julian izan zen.
Plaza aitzindaria: Bear Zana plazan berezitasun arkitektoniko bat inauguratu zen 1932an, erreboteko pareta birakaria. Doneztebeko orduko alkatea, Emilio Azarola, ingeniaria zen eta errebote funtzioa egiteko pareta mugikor bat diseinatu zuen. Errebote pareta birakaria palan, erremontean edo zesta puntan erabiltzen zen. Erreboteko paretak burdinazko egitura zuen eta errail batzuen gainean paratu zen biratu ahal izateko. Pareta birakaria 1932ko bestetan inauguratu zen.
Bitxikeria: Bear Zana plaza Nafarroan jokatutako Euskal Pilotako bi munduko txapelketako egoitza izan da, 1962an eta 2002an. Doneztebe da, Iruñearekin batera, bi txapelketa hauetako egoitza izan den udalerri bakarra Nafarroan.
NEURRIAK
Luzera. 85m.
Zabalera: 19m. (sakean) – 18m. (errestoan)
Botarria: erreboteko paretatik 70´5metrora
Botarritik erdiko eskasera: 35´5m.
Erdiko eskasetik erreboteko paretara: 35m.
Tiburcio Arraztoak eskeinitako informazioa