1861. urtean eraiki zen, Baztango alkatea Francisco Dolagaray Mayora zelarik. Alkate honek bertze afera batzuk ere bultzatu zituen, mugei buruzko Nazioarteko Ituna eta Baztandik Frantzia aldera egin zen errepidea, bertzeak bertze.
Lehenbiziko harrizko pareta ikus daiteke, juxtu Laxoa partida batean sakalariaren gibelean dagoena. Errebotean dagoen pareta, berriz, berriagoa da.
1971. urtean plaza asfaltatu egin zen, ordu arte jokalekua lurrezkoa baitzen eta errebotea eta botarria jartzen den tokian harlauzakoa. Hamar urte beranduago berriz ere asfaltatu zuten, plazak orain duen itxura ederra hartuz.
Baino plaza hau baino lehen, Elizondon bertze bat zegoen, gaur egun “Mariano Izeta Erreboteko Plaza” bezala ezagutzen duguna, udaletxe ondoan. Han garai batean erabiltzen zen botarria ikus dezakegu, bi plano inklinatuekin, sakalaria eskuina ala ezkerra baldin bazen.
Lehenbiziko plaza hau Urdazubiko Monastegiak Elizondoko herriari eman zion lur saila batean 1819. urtean eraiki zen. Horretarako 1818ko urriaren 5an Fermin Iñarra eskribaua, Juan Antonio Echevers parrokiako bikarioa eta Urdazubiko Monastegiko abadea eta Juan Jose Echenique eta Leandro Landa herriko bizilagunak elkartu ziren. Bai Teodoro Ochoak bai Pascual Madozek plaza honen berriak beren “Diccionario geográfico-histórico de Navarra” idazlanetan ematen dizkigute.
1835. urtean bertan jokatu zen Laxoako partida batean 10.000 ikusle baino gehiago bildu ziren. Partida honetan Fernando Zazpigarrenaren anaia Carlos Bosgarrena buru izan zen, garai hartan Nafarroan bizi eta Espainiako erregetza lortu nahi zuena.
NEURRIAK:
Luzera: 104 m.
Zabalera: 19´45 m.
Botarria: 72 m. errestoko paretatik
Botarria – erdiko eskasa: 39 m.
Erdiko eskasa – erreboteko pareta: 33 m.
Tiburcio Arraztoak eskeinitako informazioa