Pilotaren historian derrigorrezkoak diren pilotari eta datuen artean beti Perkain aipatzen da.
Perkainek, Alduden XVIII. mendeko bukaeran sortu zenak, bere inguruan milaka kondaira ditu; euskal tradizioak lehendabiziko pilotari eta heroitzat hartu du. Frantses Iraultzaren kontrako ideiak zituelarik, Baztango bizilekutik Aldudeko plazaraino hurbildu zen Iraultza bitarteko egun batean partidu batean parte hartzeko. Atxilotu nahian soldadu batzuk joan zitzaizkionean, Perkainek soldaduen burua pilotakada batez hil zuen. Gero, jendetzaren babespean, erbestera itzuli zen. Aurkari nagusia Azantza izan zuen, plaza barren eta kanpoan gizon zintzo eta benetako plaza-gizona.
Hurrengo belaunaldiko beste pilotari bat: Arraiozko Bautista. Simonen seme eta jokalari paregabeak, Fernando VII. erregea ahozabalik utzi zuen gorte aitzinean Madrilen jokatutako partiduan. Bere bizitzaren azken urtetako giro misteriotsuak, Donostian jokatutako azken partiduan berarengatik gertatutako hilketa batek eta bere heriotza triste berak, Bautistaren inguruan kondaira edo giro misteriotsua sortu dute.
Beharbada, Pilotaren garairik dizdiratsuena eta Laxoarena ere, XIX. mendearen erdialdean dago, konkretuki Pilotan bizitzen zen giro sanoan. Laxoako partiduak ditugu Euskal Herri guztian, herrien arteko desafio handiak eta lurraldeen artekoak, eta baita nazio artekoak ere, guztiak txistuarekin alaiturik.
Giro horretan, 1846. urtean, Irunen Pilotaren historian jokatu den partidurik famatuena aritu zen, jendetza baten aitzinean; Laxoa jomuga sekulakoetara ailegatu zen. Pilotari gipuzkoar eta frantziarren artean jokatu zen. Azken hauekin batera Joaquin Gamio apaiz baztandarra zegoen, zeinak ihes egin behar izan zuen irabazi ondotik, ez baitzuen apaizpikuaren baimenik jokatzeko.
Blé-aren agerpenarekin batera, 1870. urte inguruan, Laxoak beherakada baten hasiera ezagutuko du, izan ere joko berri hauek jarraitzaile berriak lortuko zituzten pilotarien artetik. Hala ere, Aldudes, Baztan eta Bidasoako errekan berdin jokatzen segitu zuten, Laxoa zaharraren gordeleku izanik, bitartean honen modalitate “semeak” gailentzen zirelarik.
Baztanek eta Bidasoako errekak bazuten elkarrekiko dema. Desafio eta lagunarteko partidu anitz jokatzen ziren; Laxoa herri guztietan aritzen zen, bestarik handiena izanik. Izan ziren belaunaldi bikainak ere, pilotari handiak erruz eman zituztenak eta ikuslegoa gozarazi zutenak partidu gogoangarriekin.
Baina, arrazoi anitz zela medio, Laxoa jaisten hasi zen. Azkeneko belaunaldiak, gerraondokoak, bikaina izanagatik ez zuen jarraipenik izan: beraiekin batera bukatu zen Laxoa. Askok desagertutzat jo zuten eta baita azken agurra eman ere.
Hala ere, 1960. urtean Laxoa berpiztu egin zen. Eta, 1961. urtean Laxoaren historiaren lehen txapelketa ospatu zen, Baztan-Bidasoako zazpi herriren parte hartzearekin. Honen ondotik beste hiru ere jokatu ziren baina berriz ere erori egin zen. Honela zion egunkari batek 1964.ko finalaren ondotik: “Bukaera dizdiratsua izan duen kapitulu ilun hau ez bedi Laxoaren historiaren azken solasa izan”.
Eta ez zen horrela izan. 15 urte lozorroan egon ondotik, Doneztebe eta Arraiozek 1979.eko udan jokatutako partidu batzuk, inguruko beste herritarrak beren eskularruak astintzera bulkatu zituen. Bada, 1980. urteaz geroztik, etenik gabe, bi eskualdeetako herriarteko txapelketa jokatu ohi da, Iparraldeko eta Gipuzkoako zenbait talde ere barne direlarik.
Tiburcio Arraztoak eskeinitako informazioa