Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta beste batzuen aitzindari.
Garai batean eskuz jokatzen zen bote-luzea modalitatearen berdina da, larruzko eskularruz eta plaza handixeagoan praktikatzen dena orain.
Garai batean, artzainek mendiko pilotasoro edo soropiletan jolasten zuten. Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen; Euskal Herriko kirol nagusia izan zen XIX. mendeko bigarren erdi arte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak), nahiz Gipuzkoa, nahiz Bizkaian eta bertze zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.
Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela erran dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.
Laxoa zaharrak bizirik dirau. Gainera orain erremontelari eskola bat da, nola Baztan zein Maldaerrekako profesional eta afizionatu guztiak Laxoan aritzetik bait datoz.
Bai, Laxoa zaharrak bizirik dirau. Baina baliteke egunen batean desagertzea; gure arbasoen joko nagusia, gure modalitate bertakoena den hau berriz ere lokartu eta baztertzen bada.
Horregatik, lur hauetan sustraitua dagoen eta gure gurea den kultural, historiko eta kirol ondare honi eustea erakunde eta pilotazale guztien lana eta erantzukizuna dela ohartu behar dugu.
Tiburcio Arraztoak eskeinitako informazioa